nik diot…
orogenesia eta fotosintesia
baino garrantzitsuago dela
zure hagineko mina.
nik diot…
ez daukadala eskubiderik neuretzat
edozein pertsonari dagokiona baino eskatzeko.
nik diot…
inoren izena zaintzeko egin dezakedan guztia
egiten ez badut,
txango ustela izango dela mundualdi hau;
baga bat zerbait hobearen esperantza higatzen
porrot unibertsalaren uhinetan.
nik diot…
usainak, zauriak, pentsamenduak,
lekukoak direla inportanteak
inorekin zer banatua izateko
zerbait kontatzeko ulu gertuegien itzalpeko gauetan.
nik diot…
maitasunak duela munta behinena,
mende erdi joan zaidala birundaka hori zer den ikasten
nik diot…
sentimendu kontrajarrien desordena honetan
gertaeren norabide eta larderia orokorraren aitzinean
gogaideak egin edo asmatu eta
amore ez ematea dela funtsezkoena,
ez amiltzea konstelazioen isiltasunaren azpian,
herioren zemai handinahiak entzuten
minutu bat ez galtzea.
nik diot…
jainko ez izatearen bakardadea
eramangaitza bezain ederra dela.
nik diot…
zure ezpainen ukitu batengatik nagoela hemen
ez dakit zenbat milioi jenderen artean.
nik diot…
ez garela kukuak geure izena soilik kantatzeko.
Poema honen izena Atlantikoaren aurrean da, eta Jose Luis Otamendik idatzitakoa da. Susa argitaletxearekin 2014an kaleratutako azken liburuan dago, Kapital publikoa. Poeta da batipat Otamendi, literaturan idatzi diren poema ederrenetarikoak daude. Lur bat zure minari edota Bakarrik bahago neguan dira idatzitako liburuetako batzuk. Bere poemak inspirazio iturri izan dira zenbait musikarirentzat, esaterako, Bide ertzean taldearentzat. Hasierako diskoetan, batez ere, Jose Luis Otamendiren poema bilduma azaltzen zen. Bere lanik gehienak Susa argitaletxeak kaleratu ditu.
Goizalde Landabaso