Ur azpian ari naiz malkoak ezkutatzen
Ur azpian izate ezpalduari eusten
Akiduraren esanahi berriak ikasten
Ikasitakoa ordu geldietan onartzen.
Sufrimendua ari naiz laztantzen
Arrain txikia bailitzan
Haren hezurrak ni banan-banan zulatzen.
Baina horrela dira lasaitzen
Zumezko nire esku hauek.
Zer diozu, ama? Zer diozu?
Zure arrangura dut entzuten
Zure kezka egunero sumatzen.
Baina bizi naiz, ama,
Ari naiz bizitzen.
Gatzezko ánfora naiz Itsaso gurean
Uneoro sendabelarrak eta ukenduak
Bilatzen eta nire mami-mamian landatzen.
Bizkar gainean daramat berunezko kupula
Ez naiz halere buztinaren antzera desegingo
Jarraitzen dut ni neu izaten.
Zer diozu, ama ? Zer diozu ?
Gor nago eta dena entzuten
Nire buru barneko oinazean.
Zer diozu, ama? Zer diozu?
Ur azpian ari naiz malkoak ezkutatzen
Akiduraren esanahi berriak ikasten.
Hauxe da Martxel Mariskalek Susa argitaletxearekin kaleratu berri duen Azken Zakatzak poema liburutik ateratako Ex anima poema. Martxel Mariskal 1964an jaio zen Hondarribian. 2002. Urtean eleberria kaleratu zuen Me llamo Ezequiel y así será siempre izenarekin. Bere izena, beharbada ezaguna egingo zaizu, 80ko hamarkadan Beti Mugan musika taldeko kide izan zelako eta taldeak abesten zituen kantu askotako egilea izan zelako. Ez soilik Beti Mugan, Lisabo, Dut, Sagarroi edota JP Lohian taldeen letra asko ere egin izan ditu. Esku artean daukagun liburu latz, gordin eta batzuetan itogarri hau kaleratu duen lehenengo poema liburua izan da.
Goizalde Landabaso