Neguak harrapatuko nau.
Eta zu
elur maluta baten antzera
jausiko zara nire magalera.
Eta ni
elur maluten leuntasunez
pausatuko naiz zure ezpainetan.
Eguzkiaren gozoak bezala
urtuko dituzu nire bular gainak.
Eta negu aro hau epeldu egingo da
desiraren beroaz zure besoetan.
Neguak harrapatuko nau.
Eta zuk
haize zorrotzaren antzera
gorrituko dizkidazu masailak.
Eta nik
izoztutako beldurrak
urtuko ditut zure besoetan.
Haur jolasetako elur bolak bezala
jaurtiko ditut duda-mudak.
Eta negu aro hau epelduko dugu
elkarren sutondoko garretan.
Poema honek Elur malutak izena dauka, eta Ekhiñe Eizagirreren lehenengo poema liburuan dago, Susa argitaletxeak kaleratutako Alde erantzira nabil liburuan. Zarautzen jaio zen 1984. Urtean, eta azken hamar urteotan idatzitako poemak dira, egoera deserosoan egindako poemak, izan ere, Ekhiñe Eizagirre Fresnes-eko kartzelan espetxeratuta dago. Poema guzti hauen ontze lanetan Maite Egiguren aritu izan da. Intimoak dira, eta ardatz garbiak dituzte; feminismoa, identitatea, errepresioa, borroka, desira… Liburua hiru zatitan banatuta dagoela esan genezake: Zarautzko bizimodua, batetik, sasian emandako garaian, eta espetxean idatzitakoak. Ez dira, ez, poema liburu askorik kaleratzen, eta hauxe da 2016ko uztaren hasieretakoa.
Goizalde Landabaso