Bizi zaituen animalia izu hori
zeru gorri baten pean
mundua gurutzatzen
azazkalak, ilea eta beldurrak
baino hazten ez zaizkizuna
animalia horrek bere bizkarrean idatzita daramatza
laztanez eta harramazkaz
itzalen izenak:
gizon eta emakumeenak,
leku eta egunenak denak
ederrez eta minez.
Izen horiek denek osatzen dute zerrenda,
zuk kaltetuen zerrenda,
zuk eta zeu ere.
Behin geuk eraikitako ametsen eraiste neurtuak,
desertzio, desertuak, larrialdietako deiek.
Denak banan-banan
zure aurrekari penalak:
zeru gorriak, oreinak eta orfidalak…
gehiegi luzatzen diren
salbuespen egoeretarako emergentziazko planak.
Denak banan-banan,
zure aurrekari penalak:
makrojuizio intimoak,
sexua,
heriotza eta orfidalak;
gehiegi luzatu ziren
salbuespen egoeretarako emergentziazko planak.
Eta zuk bizitza deitzen diozun bide horrek,
zuri beti sasitu izan zaizun arren,
bere ederrak eta minak idatzi dituzten zure aurrekari penalak:
zeru gorriak,
oreinak,
desertu eta maitaleek
horiek denak bizkarrean
karraio daramatzan animalia izu eta ederra zara.
Orfidentalak da poema honen izenburua. Anari Alberdiren poema da, poema musikatua, abestia, deitu nahi diozun moduan, baina lehengoan kantua entzuten ari nintzela pentsatu nuen gutxi izan direla azken boladan idatzi diren poema hau baino gauza ederragorik. Anari Alberdi Azkoitian jaio zen 1970ean. Musikaria, hamaika disko ateratakoa da. Azkena Epilogoa. Eta bere abestiak bereziak dira, letrek izugarrizko garrantzia dute. Bob Dylani Literatura Nobel saria eman dioten urte honetan kantu batzuen poetikotasuna aldarrikatuko dute Anariren poema-kantu eder honekin.
Goizalde Landabaso