Esna egon izan ez banintz galdu egingo nuen.
Haizea altxatu
eta zirimolak egin zituen teilatua atabalkatuz
astigar zuriaren hostoekin,
eta jaikiarazi egin ninduen,
nigan zen guztia pixkanaka esnatuz,
bizi eta taupakari alanbre-hesi elektriko bat bezala:
esna egon izan ez banintz galdu egingo nuen,
ustekabean eta ia-ia era arriskutsuan
etorri eta joan egin zen,
etxera itzultzen den animalia bat bezala.
Orduan hain haize erauntsi mezularia
Igaro zen bestela bezala.
Gehiago ez itzultzeko.
Ezta orain ere.
Hauxe da SEAMUS HEANEYk idatzitako poema, eta Xabi Bordak euskaratu duen. Kaleratu berri dira Munduko poesía kaieratik beste hiru zenbaki. Seamus Heaney, Xabi Bordak euskaratutakoa; Chuya Nakahara, Hiromi Yoshidak itzulia, eta Rosalia de Castro, Koldo Izagirrek euskaratua. Seamus Heaney Irlandan jaio zen 1939an eta 2013an hil zen Dublinen. Nobel Literatura saria eman zioten 1995ean. Oxford Unibertsitateko poesia katedraduna izan zen, eta Estatu Batuetako Harvard-en ere izan zen katedradun. Ez dago berak idatzitako liburu askorik euskaraturik, Luigi Anselmik eta Patxi Ezkiagak itzulitako liburu bana, eta Susa argitaletxearen abaroan kaleratutako poesía bilduma honi esker, bere poesiaren hautaketa egin eta euskaratu du Xabi Borda idazleak.
Goizalde Landabaso