Zakua bete dut sukalde erdian
Sukarra zainean dabilkit
Ez dakit itzuliko naizen.
Deitu gogo zintudan
Autobus geltokira etorri zintezen
Agurra mihian dabilkit
Ez dakit itzuliko naizen.
Adiskideak baditut baina
Ez dira sekula niregatik mugituko
Ahurra lepoan dabilkit
Ez dakit itzuliko naizen.
Hari meheak lotzen nau
Bosgarren solairuko egoitzari
Errautsa oinetan dabilkit
Debaldeko lana salbu
Baneki zerbait balios egiten!
Makila eskuan dabilkit
Ez dakit itzuliko naizen.
Maite zaitudalako agian
Urratsez noa aintziren haraindira
Hezea begian dabilkit
Ez dakit itzuliko naizen.
Itxaro Borda Baionan jaio zen 1959an baina Amikuzen hazi zen, nahiz eta gaur egun Baionan bizi den. 1984an kaleratu zuen bere lehenengo poema liburua Maiatz-en, eta harrezkero asko izan dira; eleberriak, ipuinak eta poemak, jakina. Kantari eta musika taldeek abestutako kantuen hitzak idatzi izan ditu, esaterako, Hertzainak taldearen batzuk. Amaia Ezpeldoi euskal detektibearen pertsonaia asmatu zuen, Euskadi Literatur Saria irabazi duen iparraldeko lehen idazlea da, %100 basque liburuarekin egin zuen 2001ean.
Bere azken lana Zure hatzaren ez galtzeko da, poema liburua, Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu berri duena.
Goizalde Landabaso